| Gernikatik 30 km-tara.
GETXO - BIZKAIA ZUBIA – ALGORTA PORTU ZAHARRA
Abraren ondotik doan ibilaldi ederra dugu hau (gutxi gorabehera, ordubetekoa).
Bizkaia Zubiko (esteka kanpoko orri batera, orri berria irekiko da zure nabigatzailean), edo zubi eskegia lagunartean, burdinazko egitura da (Eiffel dorrearen antza izugarria dauka), eta Getxo nahiz Portugalete lotzen ditu, Nerbioi ibaiaren itsasadarraren gainetik. Alberto Palaciok diseinatu zuen zubia, eta 1893ko uztailean amaitu zuten. Beraz, ehun urte baino gehiago dauzka.
2006ko uztailean “Bizkaia Zubia” Gizadiaren Ondare izendatu zuen UNESCOk. Euskadin Gizadiaren Ondare izendatu den lehen gauza eta Espainiako Estatuan Industri Ondare izendatu den lehen gauza da.
Bizkaia zubitik berrehun bat metrora, parke txiki eta txukuna aurkituko dugu. Bertan, Evaristo Txurruka ingeniariari eskainitako eskultura-multzoa dago. Txurrukak Abrara sartzeko bidea erraztu zuen. Izan ere, XX. mendearen hasiera arte, oso arriskutsua zen itsasadarrera sartzea, hondarpe batek oztopatzen baitzuen sarrera.
Areetako kaitik zehar joanda, ontziratzeko tokia eta Abrako Itsas Elkartearen instalazioak ikus daitezke.
Eraikin eder-ederrak ikus daitezke kai osoan, besteak beste:
- Itxas-Begi (Zugatzarte, 27): 1927an taxuturiko eraikina. Rafael Garamendik diseinaturiko eraikin hori euskal jauregi-arkitektura eta ingeles kutsuko arkitektura uztartzen ditu.
- Kai-Alde jauregia eta Luis Allende jauregia (Zugatzarte, 51 eta 55): Harlanduz egindako eraikin bikainak dira.
- Cisco etxea (Zugatzarte, 61): Eskandinaviar moldeko jauregitxoa da, hori ere Manuel Mª Smith arkitektoak diseinatua (1909-1911).
Cisco etxea igarota, ezkerrera egingo dugu, Arriluzeko itsasargirantz. Hala, "Urrezko miliara" iritsiko gara. Hantxe, itsasoaren aurrean eta lorategiz beterik dagoen pasealeku batean, jauregitxo eta etxe bikain ugari ikus daitezke.
Jauregitxo eta berealdiko etxe horien artean, honako hauek dira nabarmenenak:
- Lezama Leguizamón (Atxekolandeta, 1, Algorta: Jauretxe dotore hori handia-handia da; Salamancako Monterrey jauregian oinarriturik dagoen erdiko dorrea gailentzen da.
- Mudela jauregia (Atxekolandeta, 3, Algorta). 1910eko eraikina da, Manuel Mª Smith arkitektoak diseinatua. Lau angeluko oinplanoa dauka, eta harri-horma entokatuz eta harlanduz eginda dago.
- Ampuero jauregia (Atxekolandeta, 9. Algorta). neomenditar moldekoa da, garai hartako beste eraikin asko eta askoren modukoa.
- Aizgoyen baserria (Atxekolandeta, 13. Algorta). Euskal baserrietan oinarrituriko erregionalismo-lan bikaina da. Harriz eginda dago.
- Arriluze jauregia (Atxekolandeta, 15. Algorta) José Luis de Oriol-ek diseinaturiko eraikin hori 1913an amaitu zuten.
- Atxekolandetako galeria edo Begoña lurmuturra (Algorta). Kostaldeko eitearen arabera egokituriko galeria handia da, zutabeduna eta balaustredun zabaltza batek estalia. Arriluzeko magala bermatzeko asmoz egin zen, Horacio Etxebarrietaren etxearen barruan (gaur egun ez da ia ezer geratzen). Rafael Bastidak diseinatu zuen galeria, 1918an.
- Naufragoen etxea (Arriluze kaia, z/g. Algorta) 1920an dokumentaturiko etxe hori Ignacio Smith arkitektoak diseinatu zuen. Bi solairuko baserri handi baten eredura eginda dago. Izkina batean, irudi batez itsasotik ur gaineratzen diren arku zabal batzuen gainean, zirkulu-formako ebakidura duen itsasargi-dorrea dago.
Leku horretaraino iritsita, ibilbidetik aldendu eta Kirol portu berriko itsas eta aisialdi gunera joan ahal gara. Bertan, jatetxeak, tabernak, dantzalekuak, zinemak, dendak eta abar aurkituko ditugu. Arriluze kaitik oinez segituz gero, itsasargia dago mutur batean, gaztelutxo almenadun bat bailitzan. Arrantza zaleak horraino joan ohi dira.
Ereaga hondartzako pasealekutik ibilita, Algortako arrantza-porturaino -portu zaharra izenez ezaguna- helduko gara. Ibilbide honetan, Turismo bulegoa eta egoitza-eraikin dotoreak aurkituko ditugu. Eraikin horietara joatea dago hondartzatik bertatik, lorategi zainduen artean abiatzen diren bidexka eta zidorretatik.
Algortako portu zaharrean, antzinako portu zaharretako usain gozoa gorderik duten kale estuen artetik paseatuz gero, turistak Algortako sorlekua eta marinel-erako etxetxo karez zurituak begiztatuko ditu.
Itsasaldeko portu horretako tabernetan pintxoak eta banderilak jan, jatetxe onetan bazkaldu edo afaldu, edo paseatzen segitu ahalko du, Usategiko behatokiraino, eta Abrako ikuspegi ederraz gozatu
|
|